Patenteak negozio modelo bezala

Pasa den astean Microsoft erraldoiak LG enpresa Korearrak zituen patente sorta bat erosi duela jakin genuen. Patente hauek Android eta Chrome OS sistema eragileekin dute zerikusia. Momenturako Redmondeko enpresak Googlen sistemen gaineko patente katalogo oso aberatsa dauka, eta erosketa berri honekin Estu Batuetan Android mugikorren %70aren kontrola dauka.

Zer esan nahi du honek? Ba saltzen diren Android mugikorretatik %70ak Microsofti kanon bat ordaindu behar diotela, fabrikatzaileek patenteak bortxatzeagatik epaiketa bat jasan nahi ez badute.

Egoera honek zentzugabeko eszenatoki batera eramaten gaitu: Microsoftek diru gehiago lortzen du Android mugikorren salmentagatik Windows Phone gailuak saltzen baino. Software patenteen munduak honelako egoeren existentzia ahalbidetzen du, enpresa bakoitzak bere produktuak hobetuz merkatuan borrokatzera bultzatu ordez.

Pertsonalki nahiko penagarria iruditzen zait enpresa guztiak, ez Microsoft bakarrik,  patenteak lortzeko saiakerak egiten ibiltzea gero patente hauek beste batzuen aurka erabili ahal izateko.

Are eta gehiago, oso tristea da startup txikien egoera, hauek oso zaila bait dute produktu arrakastatsu bat garatzea enpresa boteretsu baten erasoa jaso gabe.
Softwarearen kasuan patenteak oso kaltegarriak bihurtzen ari dira, berrikuntza zapaltzenbait dute. Froga garbiena aipatutako Microsoften mugimendua dugu, Steve Ballmerek zuzendutako korporazioa mugikorren sektoreko patente troll handiena bihurtu duen mugimendua.

Gainera, aurten ere arlo honetan guda gehiago agertzea eta jada existitzen direnek zeresanak ematen jarraitzea espero da, Apple eta Samsungek hilabeteetan eduki duten guda adibidez.

Software askea bultzatzeko beste arrazoi bat.

0 komentario:

Publicar un comentario en la entrada