Megauploaden itxieraren lehen ondorioak

Fitxategiak partekatzeko zerbitzu ezagunenaren itxiera mediatikoa eta gero ondorioak espero ziren, eta poliki poliki hauek ezagutzen goaz.

Itxiera ondorengo orduetan Twitterren espero zen ekaitza eta Anonymousen lehen erantzunak eta gero, beste zenbait protagonisten mugimenduak espero ziren. Nola ez, edukien industriaren lehen iritziak entzuteko grina zegoen, eta hauek poliki-poliki iristen hasi dira.

Lehenik eta behin, nola ez, ekintza poliziala txalotu egin dute, milioika pertsonen informazio galerari inolako arretarik ipini gabe. Hau espero zitekeen zerbait zen, beraz ez dago sorpresarik momentuz. Pixkat gehiago arritu nauena, industriak bultzatutako iritzi sortzaileek asteburuan zehar zineek edukitako ikusle igoera lau haizetara zabaldu izana da.

Ez dakit gure ahalmen intelektualak neurtu nahi dituzten edo besterik gabe inozoak garela uste duten. Industriaren joera hiruzpalau egunetan hainbeste hobetu daitekeela pentsarazi nahi badigute, uste dut, benetan, bigarren aukera dela zuzena.
Baina suposatu dezagun gaur edukien industria pasa den astean baino hobeto dagoela, Megauploaden desagerpen soila dela eta. Gauzak hain azkar aldatu ahal badira, beharbada euren krisia ez da esaten zuten bezain larria, ez? Industriaren zoritxarrerako krisi hau hor dago oraindik, eta ez dut ikusten gauzak asko aldatuko direnik epe motzera.

Industriaren iritziak zuzentzat hartzen jarraituz, antza denez Megauploaden desagerpenak zineak jendez bete ditu. Ondorioz, denboraldi luze batean azken urteetan eduki duten politika zapaltzailea alde batera utziko dute eta Internet bere horretan utziko dute. Hau ez dela gertatuko jakina da. Zergatik? Industriaren krisiak gure artean jarraitzen duelako eta asteburu honetan zineek izandako datu onak kasualitate hutsa direlako.

Industria alde batera lagata, Megaupload antzeko zerbitzuen posturak ikustea oso interesgarria da. Enpresa hauek euren zerbitzuetan aldaketak egin dituzte, hurrengo exekuzioaren protagonista izatearen beldur. Adibidez, Uploaded.to, Estatu Batuak bere zerbitzarietan blokeatzen hasi da, FileServek erabiltzaileei ordaintzeari utzi dio fitxategiak igotzearen truke eta FileSonic zerbitzuak erabiltzaile bakoitzak igotako fitxategiak partekatzeko aukera ezabatu du, zerbitzua sarean kokatutako disko gogor sinple bat bihurtuz.

Honekin, alde batetik FBIaren ekintzak bere helburuetako bat lortu duela ikusten da, hau da, ikusentzunezko edukiak eskuragarri ipintzen zituzten zerbitzuen jabeak beldurtzea.

Hori bai, ustez defendatzen zuten industriaren bizitza ez dut uste salbatuko dutenik. Zoritxarrez, sarea guda eszenatoki bihurtzea bai, hori lortu dute.

0 komentario:

Publicar un comentario en la entrada