Casus belli, zuzeneko deskarga webguneetatik Megaupload izan da erortzen lehena

Denbora asko goaz guda digitala noiz iritsiko zain, eta gaurkoan beharbada itxarote hau amaitutzat eman daiteke.

Herenegun gauean jakin genuenez Megaupload webgunea itxi dute FBIko mutilek. Enpresako langileak terroristak balira bezala atxilotuak izan dira eta sinisteko oso zailak diren kargoak leporatu dizkete. Ez al dio inori Egunkariarekin gertatutakoa gogorarazten?

Megaupload zerbitzua mundu mailan oso ezaguna den zerbitzu bat da, edozein pertsonari fitxategiak igo eta partekatzea ahalbidetzen dion zerbitzu garrantzitsuena izanik. Eta edozein fitxategi diogunean, nola ez, musika eta filmeak ere saku berdinean sartzen gabiltza.

Musika eta filmeak entzun dut? Ordaindu gabe? Copyrightaren gudariek hau ezin dute onartu eta libertinaje honekin bukatzera behartuta ikusi dira. Duela hamarkada bat sortu den teknoterroristen paradisua suntsitu beharra dute gaixoek.

Ezin dute onartu bizitzeko lan egin behar dutela, begiak ireki eta gaur egun dugun egoera teknologikoari aurrez aurre begiratu eta euren negozioa egoera horretara moldatzea. Guzti hauen industria hiltzera badoa, mundu osoaren eskubideekin batera hil dadila, bai noski!

Ba hori, gauetik egunera sarean zegoen distribuzio kanal garrantzitsuenetako bat itzalia izan da. Pentsatuko dute atzoko mugimenduarekin denok korrika dendetara joango garela disko eta DVD mordo bat erostera eta historia hamabost urte atzera joango dela bapatean. Ez da gertatuko. Eta inolaz ez da eurentzako egoera hobetuko.

Eta albo kalteak? Milioika pertsonek euren dokumentu pertsonaletara sarbidea galdu dute. Musika eta filmeetara bai, baina baita unibertsitateko lanak edo edozein motatako dokumentuak. Hauek zer? Hauek ere terroristak ote dira? Hauek ere copyrightaren paradisua erasotzen dute euren jarduera digitalarekin? Zer gertatzen da pertsona hauen negozioak Megauploaden gordetako fitxategietan oinarritzen baziren? Edo bertan informazio pertsonala zutenekin?

Gaur inoiz baino gehiago sarearen izaera berreskuratu beharra dugu, sarea deszentralizatu beharra dago berriz ere. Twitter eta Facebook oso baliogarriak izan daitezke borroka sozialak kanalizatzeko, baina zerbitzu zentralizatuak izanda botoi bat sakatuta suntsituak izan daitezke. Blogekin hau ez da inoiz gertatuko, hauek sare deszentralizatu bat osatzen dutelako. Megaupload bezalako zerbitzuak oso erosoak dira gauzak deskargatzeko, baina ikusi dugu zein erraza izan den webgunea jokoz kanpo uztea. P2P sareekin hau ez da gertatuko, protokolo deszentralizatuak direlako.
Laburbiltzen, deszentralizatu dezagun sarea. Berpiztu ditzagun torrentak, indartu ditzagun blogak sare sozial handien ondoan eta eman diezaiogun gure disko gogorrari benetan duen garrantzia, sarean informazio garrantzitsu guztia utzi gabe.

Honela bakarrik edukiko dugu sarea bizirik mantentzeko aukera. Honela bakarrik izango dugu gure eskubideak bizirik mantzentzeko aukera. Guda digitala hasi da, defendatu gaitezen.

PD: Bloga lekuz aldatzeko ordua iritsi al da? Blogger azkenean beste zerbitzu zentralizatu bat da, nahiko errez itxia izan daitekeena.

0 komentario:

Publicar un comentario en la entrada