Bandcamp, musikarekin negozioa egiteko beste modu bat

Azkenaldian jabego intelektuala, ikus-entzunezko edukien distribuzioa eta interneten izaera bera mahai gainean dauden gaiak dira. Alde batetik edukien industria dugu, bere heriotza urte batzuk atzeratzeko intentzio garbia erakutsiz, edukien distribuzio modu berriak ulertu ezinda. Hauentzat nahiko erraza izaten ari da politikariak euren aldean ipintzea lege berrien bidez euren interes pertsonalak defendatu ahal izateko.

Beste aldean, Internet eta bere funtzionamendua ulertzen dutenak. Gauzak egiteko modua guztiz aldatu egin da, eta ondorioz ez dago pasa den mendeko produkzio moduak indarrez mantentzeko inolako beharrik. Pasa den sarrera batean aipatutako Jamendo komunitatea honen adibide garbi bat da, baina ez bakarra.

Gaurkoan Bandcamp guneari buruz hitz egin nahi dut. Webgune honek musikarientzat ezagutzera emateko komunitate bihurtzea du helburu, eta gainera euren musikaren bitartez dirua irabazteko aukera ematea ere.

Musika talde bakoitzak bere musika igo dezake eta taldeak berak kudeatutako "mikro webgune" batean antolatu. Musika hau saltzeko tresnak eskaintzen ditu Bandcampek, hori bai, salmenten ehuneko 15aren truke. Ideia ona dela ikusteko, Google Music zerbitzu berriak honelako politika aukeratu duela ezagutzea besterik ez dago.

Modu honetan denok pozik: erabiltzaileek presio eta irain gabeko gune alternatibo baten bidez musika eskuratu dezakete, musikariek euren musika ezagutzera eman eta dirua lortzeko aukera dute eta Bandcampek ere negozioa egiten du guzti honekin.

Dena atxiloketa, pirata akusazioak bota edo teknologia zentsuratu behar izan gabe.

0 komentario:

Publicar un comentario en la entrada