Web nabigatzaileen borrokan aldaketak, Chromek Firefoxi bigarren postua kendu dio

Denboralditxo bat pasatu da jada azken sarrera idatzi nuenetik, eta joera honekin amaitzeko garaia iritsi denez, hemen naukazue berriro.
Zenbait gai ditut hurrengo egunetan jorratzeko, baina gaurkoan web nabigatzaileen munduari buruz hitz egitea nahi dut.



Izan ere, orain dela aste bat edo bi nabigatzaile garrantzitsuenen merkatu kuota aztertzen dituzten pare bat ikerketa agertu ziren. Nahiz eta hauetan emaitzak ez diren zehazki berdinak, biak nabigatzaile bakoitzaren tendentzia modu berdinean irudikatzen dute. Dudarik gabe, tendentzia hauek erakusten duten gertakari aipagarriena Firefoxek merkatu kuotaren bigarren postua galdu duela, Google Chrome nabigatzaileari bere lekua lagata.

Azken boladan antzeman zitekeen zerbait zen hau, Chrome gero eta indartsuago bait zebilen Firefox poliki poliki erabilera portzentaian behera zihoan bitartean. Ematen du, beraz, momentua iritsi dela, eta honek luzaroan nabigatzaileen munduan eduki dugun egoera aldatu duela. Ezin da ahastu Firefox urteetan zehar izan dela bigarren nabigatzaile erabiliena eta Internet Explorer handiaren inperioa erasotzen egon diren nabigatzaileetan lehena.

Borroka honek, gainera, beste konnotazio batzuk eduki ditu. Azken finean bi filosofia desberdinen borroka bat izan da, korporazio multinazional baten eta software askearen aldeko apustua egin duen fundazio baten arteko borroka alegia. Biak guztiz baliodunak, baina aldi berean desberdinak.

Baina ez dira Firefox eta Chrome aztertutako nabigatzaile bakarrak. Aipatutako ikerketek Internet Exploreren gorakada txiki bat erakusten dute, Safariren beherakada batekin batera. Opera, bestalde, bere merkatu kuota txiki baina egonkorrarekin mantentzen da.

Zeintzuk dira hiru nabigatzaile handienen joeren arrazoiak? Alde batetik Internet Explorer asko hobetu den nabigatzaile bat da, batez ere azken urteetan konpetentziak indarra kendu diola ikusi eta gero Microsoft lanean ipini denetik. Gainera Windows sistema eragilea munduan erabiliena dela jakinda, nabigatzaile honek kuota finko bat edukiko duela pentsatzea nahiko zentzuduna da, monopolio polemikak alde batera utziaz.

Bere aldetik, Chrome sekulako indarrarekin dabil. Azken finean nabigatzaile honen atzean Google dago eta honek milioika erabiltzaile potentzial edukitzea ahalbidetzen dio. Gainera nabigatzaile bezala duen kalitatea ezin da ukatu, konpetentziarekin borrokatzeko gai dela erakutsi baitu, nabigatzaile arin eta aldi berean berritzailea dela frogatuz.

Firefox berriz krisi batean murgildurik dagoela esan daiteke. Ez kalitate aldetik, arlo honetan asko hobetzen bait doa, batez ere historikoki eduki duen arazo nagusienean, nabigatzailearen pisua. Berandu bada ere Mozillako mutilek lanean dihardute euren nabigatzailea alde horretatik eraberritzeko. Bestalde azken boladan erabiltzen ari diren eguneratze politikak beharbada onurak ekartzea baino gehiago, kalte egin dio. Firefoxen arma boteretsuena bere gehigarri ekosistema erraldoia da, eta nabigatzailearen eguneraketa bakoitzean gehigarri askok konpatibilitatea galtzen dute. Beraz, aste gutxika eguneraketa bat baldin badator, Firefoxek duen ezaugarri onena lastre bihurtzen ari dira, eta ondorioz erabilzaileen konfidantza galtzen.

Safari eta Operari buruz, nobedade gutxi daude. Biek erabiltzaile masa finko bat dute, eta hori momentuz ez dute galduko. Gainera nabigatzale bezala guztiz baliogarriak dira. Hala ere, epe motzera ez dut uste hauetako batek merkatu kuotna nabarmenki igoko duenik, gaur egun aukerak IE, Chrome eta Firefoxen artean ikusten bait ditut.

Hau ikusita, nire nabigatzailea Firefox da, eta berdin jarraituko du aurrerantzean. Alde batetik Internet Explorer ezin du erabili, Linux sistema eragilerako ez bait dago. Chrome bestalde, oso nabigatzaile potentea da. Hala ere Googlen software bat izatean, uste dut beste aukera bat bilatzea hobe dela. Azken finean jadanik asko dira erabiltzen ditugun Googlen zerbitzuak, eta beharbada ez du merezi kopuru hau handitzen jarraitzea.

Firefox, bere aldetik, hiru nabigatzaile hauetan askeena da. Internet Explorer guztiz itxia dela jakina da eta Chrome, nahiz eta open source bezala saltzen diguten, ez da hain askea. Chrome Chromiun nabigatzailean dago oinarrituta. Bigarrena kode askekoa da, eta Chrome berriz ez. Egia da, Firefox beharbada pixkat berandu dabilela bere arazoak konpontzeko, eta eguneraketa arinak arazoak dakartzala, baina hala ere honek nabigatzailearen garapena bizkortuko du, eta zihur gehigarrien inkonpatibilitatearekin amaitzeko pausoak emango dituztela.

Iritzirik?

Estekak: Evolución del mercado de los navegadores. Chrome abeunt studia in mores.

2 komentario:

Ibai Irastorza dijo...

Oso interesgarria. Baina galdera bat daukat. Jakina da gero eta ospe handiagoa duela Apple-n Macbook eta Imac produktuek eta gero eta jende gehiagok erosten dituela. Safari erabiltzailea defektuz datorrela jakinda, etzen normalena izango Safarik gorakada nabarmen bat edukitzea?

Milesker

Markel Arizaga dijo...

Aupa Ibai,
neuk ere berdina pentsatu nuen hasiera batean, baina antza denez, mugikorretan erabiltzen diren nabigatzaileak ikerketetatik kanpo geratu dira.

Suposatzen dut beraz, ordenagailuen sektorean oraindik Apple ordenagailuen arrakasta ez dela hain garrantzitsua, edo hauetan erabiltzaileek Safari ez den beste nabigatzaile bat nahiago dutela.

Mugikorrak ikerketa hauetan sartu izan balira, ziurrenik emaitzak desberdinak izango lirateke.

Publicar un comentario en la entrada