GoDaddy SOPAren alde agertzearen fruitua jasotzen ari da

Asko hitz egin da jada sarean Protect IP eta SOPA izeneko legeetaz. Espero zen bezala, eta aurrekoetan antzeko ekimenekin gertatu den antzera, interneteko mundua sutu egin da oinarrizko eskubideen aurkako mugimendu hauekin. Betiko legez, gutxiengo absolutua diren batzuen pribilejioak mantentzeko sortutako ekimen hauek, ordea, badute bere arriskua milioika pertsona espiatu nahi dituzten legeen alde agertzen diren enpresentzat.

Galdetu bestela GoDaddy domeinu saltzaileari. Enpresa honek SOPAren aldeko iritzia erakutsi zuenetik ehundaka bezero galtzen egon da egunero, hauek aipatutako zerbitzuan zituzten domeinuak beste enpresa batzuetara eramanez.
Hain izan da larria exodoa, GoDaddyk SOPAren inguruko iritzia ziztu bizian aldatu behar izan zuela, antza denez bezero ihesaldien jarioa gelditzeko arrakasta gutxirekin.

Gaur egun ezagutzen dugun internet sarean bere negozio guztia duen enpresa batek, sare hau hainbeste aldatuko duten legeen alde agertzea guztiz ulertezina bada, are eta gehiago bere bezero guztiak arriskuan jartzearen aldeko pausoak onartzea. Hemen ez daude hiruzpalau milioi dolar bakarrik jokoan, milioika pertsonen pribazitatea eta eskubideak ere kolokan ipintzen dira.

Gauzak honela, oso gertakari ulergarria da GoDaddy bizitzen ari den krisia. Bezeroek espero zuten bakarra diru bat ordaintzen dioten horri eurenganako gutxieneko konfidantza ematea zen, eta euren gutxieneko defentsa bat. Enpresaren partetik ez da horrelakorik ikusi eta ondorioz erabiltzaileen konfidantza galdu du.

Aurrerantzean, enpresa batek baino gehiagok oso ondo pentsatuko du edozein gairi buruz bere iritzia eman baino lehen, batez ere erabiltzaileen interesen aurka joan ahal bada. Gaur egun, informazioa oso azkar mugitzen da, eta erabiltzaileek informazio honen abiadura azkartzeko ahalmena dute. Enpresek oso ondo kontrolatu beharko lukete euren informazio politika, eta baita erabiltzaileenganako komunikazioa ere.

Estekak: Si quieres SOPA, toma dos tazas. Enrique Dans

0 komentario:

Publicar un comentario en la entrada