Internetek ekarri zuen iraultza galtzen ari al gara?

Internetek gure bizitza aldatu du. Sarera sarbiderik eduki gabe gure egunerokotasuna ezin da imaginatu. Hasieran informazio hutsa aurkitzen zen interneten, baina gaur egun esku artean dugun sarea ez da orain dela hamar-hamabost urte ezagutu genuen asmakizun primitiboa.

Gaur egun internetek ezagutu egiten gaitu, edozein webgunetan gure interesa pizteko aukera asko dituen iragarkiak aurkitzen ditugu, sare sozialek gure lagunak zeintzuk diren dakite eta askotan gure lagunak izan daitezkeenak gomendatzen dizkigu, poltsikoan daramagun mugikorrak gure kokapena kalkulatuta gure gustokoa izango den lokal bat gomendatzen digu.

Guzti honek orain dela denbora gutxi imaginatu ezin zitekeen eszenatoki batean ipintzen gaitu. Dena modu erosoan egin daitekeen mundu batean aurkitu gara, dena eskuragarri ipintzen zaigun mundu batean. Hau dena, guregana iritsi nahi duten guztiek ezagutu egiten gaituztelako bakarrik da posible, batzuetan zeharka baldin bada ere.

Erosotasun guzti hauek, gainera, kasu gehienetan dohainik lortzeko aukera daukagu. Horrek ez du esaterik nahi, ordea, ezer ordaintzen ez gabiltzanik. Dudarik gabe aipatutako erosotasun eta erraztasun guztiak oso ondo daude eta gure bizitza hobetu dute, baina beharbada ordaintzen gabiltzan prezioa handiegia da.

Ia ohartu gabe gure informazio guztia enpresa boteretsuen eskutan ipini dugu, guk geuk gutaz dakigun informazio gehiago jakitera iritsi diren punturaino. Gure emailak dituzte, guk tuiteatzen duguna, eta sare sozialetan partekatzen duguna. Beste hitz batzuntan esanda, gure beharrak, ideiak eta interesak. Gmailen aurkezten zaigun publizitateari begirada bat botatzea besterik ez dago Googlek gure perfila zein ondo irudikatuta daukan ikusteko.

Askok esango dute, enpresa horiek gure datuekin ez dute ezer txarrik egingo, eta gainera nik ez dut ezkutzatzeko ezer, beraz ez dago zertan beldurtu. Enpresa hauek negozioa egiten ari dira, besterik ez. Euren interesak errespetatuak diren bitartean, ez da ezer gertatuko. Baina zirko honetan ez dira Facebook, Google edo Twitter interesak dituzten enpresa bakarrak. Entretenimenduaren lobbyak bere negozioarentzat mehatxu bat ikusi du internetek suposatu duen guztiarekin, eta lobby honek daukan boterea izugarria dela ikusten da, batez ere azkenaldian bultzatzen ari diren legeak ikusita.

Ez pentsatu politikarien gauza dela. Politikariek euren buruzagiak dituzte, eta azken hauek dira Sinde legea, ACTA, HADOPI, SOPA edo PROTECT-IP bezalako erasoak diseinatu eta indarrean sartzen dituztenak. Hasiera batean hilzorian dagoen industria baten azken arnasaren lekuko izateko jaiotako legeak direla ematen badu ere, benetan munduko gobernu boteretsuenak gure gain ipintzeko gai diren mugimenduak dira.

Eurentzat mehatxua suposatzen duen edozer desagertarazteko posizioan egongo dira, bai komertzialki eta baita beste edozein mugimendu sozial modura. Adibide garbiena, Wikileaks. Ku Klux Klan bezalako erakundeei donazioak onartzen dituzten enpresa berdinek Wikileaks ekonomikoki ito eta kitto, desoroso bihurtutako erakundea hilzorian.

Zerk geldiaraziko die gauza berdina beste erakunde eta pertsonekin egiteko? Ezerk. Guztiak kontrolpean edukitzeko tresnak dituzte, eta guztiei buruz dena dakite. Edo jakingo dute, guk gutaz hitzegiten diegun bitartean.

Estekak:
       Primer draft de la W3C sobre Privacidad Online
       'Stop Online Piracy Act' o SOPA, el ataque definitivo a internet
       La alarmante pérdida de privacidad debida a los dispositivos móviles

0 komentario:

Publicar un comentario en la entrada